Ezagutu Erdi Aroko gotorleku paregabea herri baten erdian. Historia luzeko gaztelua. Igo gazteluaren dorre almenadunetara eta gozatu Nafarroako Erriberagoieneko herri honen panoramika paregabeaz.
Herriaren epizentroa
Zail da Martzillakoa bezalako gaztelu bat topatzea. Hirigunean bertan dagoen gaztelua da; herriko bizitza sozial eta kultural osoa egituratzen du. Adreiluz eraikita dago, harrizko ezponden gainean. Udalerria 1420tik zaintzen du, Karlos III.a Noblearen erregealdiaren azken urteetatik.
Hainbat erabilera
XV. mendeko gotorleku gotiko honek bere historian zehar bizitako garai ezberdinak tatuatuta ditu. Bere dorre prismatiko sendoek eta bere lubakiek gazteluaren defentsa-izaera erakusten dute. Ondoren, Faltzesko markesen jauregi-etxea izan zen, gaztelua eraiki zuen Mosen Pierres Azkoiengoaren ondorengoena. Gaur egun hainbat udal-gela ditu, nahiz eta bere zerizanaren zati bat gordetzen duen dorre almenadunetan edo jatorrizko pintura duen kaperan.
Abileziaren eta balioaren historia
Herrian kondaira bat kontatzen da, Ana Velasco markesak nola defendatu zuen gotorlekua abileziaz. 1516an Villalba koronelaren tropa gipuzkoarrak gaztelua eraistera joan ziren, Cisneros kardinalak hala aginduta. Markesak horren berri izan zuenean, gaztelua jakiez hornitzeko, eta defentsarako prestatzeko agindu zuen. Anfitrioi ona izanik, harrera handia egin zien tropei, oturuntza bat prestatu zuen eta gaztelarrak mozkortu zituen. Lozorro hura bere etsaiak armagabetzeko eta bizia berak ematen zuela gogorarazteko baliatu zuen.
Nafarroako kultura-intereseko ondasuna
Martzillako gaztelua Foru Gobernuarena da 1976az geroztik. Gotorlekua ez erabiltzeak narriadura jasanezina eragin zuen, eta 2005ean Vianako Printzea erakundea arduratu zen gaztelua zaharberritzeko proiektuaz. Lanak 2008an hasi eta 2012an bukatu ziren.
FAQ
- Ezagutu gazteluaren sekretu, kondaira eta historia guztiak bisita gidatu batean.
- Bisitaren iraupena ordu eta erdikoa da, gutxi gorabehera
- Prezioa: 3 euro pertsonako (3 urtez behekoek dohainik dute sarrera - Taldeentzako prezio bereziak)
- Gorde zure ordua 948 713 545 telefonora deituta, 9:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera
There are no comments yet.