Valtierra Erregeren Bardeako basamortu-paisaiaren eta Ebroko haran berdeko paisaiaren artean dago. Tradizioz laborantza-lanetan diharduen herria, eta jarduera horren inguruan ardaztu dira kultura eta herri honen hazkundea. Herria Nafarroako Erriberan dago, eta oso garrantzitsua da beste hiri eta herri interesgarri batzuk bisitatzeko (Tutera, Iruñea, Logroño, Zaragoza edo Euskal Autonomia Erkidegora, kasurako), eta horietara joan etorri bat egiteko.
Hiri honetan, nabarmentzekoak dira bere mendeetako historia eta musulmanen okupazio garaitik eta ondorengo birkonkistatik datozkigun aztarna arkeologiko eta monumentu-aztarnak, bereziki Gomaratarren jauregia, gazteluaren hondarrak, Torraza eta Ebro haranera eta Bardeara so egiteko begiratoki ugari dituzten ibilbideak, mendi-ibili edo BTT ibilbide baten ondoren ikusteko ezin hobeak.
Valtierra, harpeen herria
XIX. mendetik Valtierrako biztanleek udalerria inguratzen duen lursaila erabili zuten bertan etxeak eraikitzeko. Jendea XX. mendearen erdialdera arte bizi izan zen harpe horietan, eta 90eko hamarkadan helburu turistikoekin birgaitu ziren, landetxe gisa erabiltzeko, Valtierrako herritarren usadioak eta ohiturak ezagutzeko. Gaur egun horietako 200 inguruk irauten dute, eta horietan ostatu har daiteke.
Senda Viva eta Bardea
Valtierra leku ezin hobea da ostatu hartzeko eta egun batzuk igarotzeko, baldin eta asmoa Erregeren Bardeako basamortura irteera bat egitea eta leku hori ezagutzea bada, non makina bat film eta telesail filmatu baitira, Tronuen Dema (Game of Thrones) kasurako. Herritik 3 km eskasera Senda Viva dago, abentura- eta animalien parke bat, helduen eta txikien gozamenerako.
Kuia erraldoien azoka
Irailean, urtero, Espainia osoko ehunka pertsona eta nekazari batzen dira Valtierran kuiarik handiena zein den jakiteko. 500 kg ere pisa dezakete. Ikuskizun hutsa da. Egunaren amaieran, hurrengo hilabetean, harpeen inguruan jartzen dira erakusgai, erakargarri turistiko gisa, eta, jakina, nola galduko duzu ba!
Kirol-ibilbideak
Oinez ibilalditxo bat egiteko edo bizikletaz ibiltzeko, Valtierran bidezidor ugari daude inguruneaz eta kirolaz gozatzeko. Gatzagaren Ibilbidea, Isiltasunaren Harana, Pilareen aldapa… Aukeratu zurea Mappache Villa de Valtierra app-aren bidez, www.mappacheapp.com helbidean.