Mugako hiria, Nafarroako Mendialdearen eta Erriberaren arteko lotura egiten duena. Done Jakue bidearen gune garrantzitsua da, Aragoi ibaiak zeharkatzen duen gune naturala, Erdi Aroko erregeren sorlekua eta gaur egun kultura-ondareko altxorra, Nafarroa Erdialde ekialdeko hiririk garrantzitsuena, bisitatzeko, behatzeko, ongi ezagutzeko eta gozatzeko lekua.
Muga-hiria
Ingurune natural pribilegiatua du, Pirinioaurreko lehen mendilerroen eta Ebroko haranaren sakonunearen arteko mugan baitago. Aragoi ibaiak zeharkatzen du, eta Nafarroako Erdialdeko ekialdeko garaiera gutxiko terraza baten gainean dago.
Monumentu-hiria
Erromanikoaren gailurrean, eraikin zibil eta erlijioso ugari ditu; alde zaharretik ibiliz kalez kale ikus ditzakezu eta goreneko distira-garaiak gogoratuko dizkizute. Aipatzekoa da Santa Maria la Real eliza, 1889an Nazio Monumentu izendatua izan zena. Eraikina osorik artelana bada ere, bere portadak du arte-meriturik handiena, Azken Auzia xehetasun handiz irudikatzen duen harrizko mihisea.
Tradizioen lurra
Zangozak urtarrilaren 6an ospatzen du, 1967tik, Errege Magoen Auto Sakramentala, Espainian egiten diren mota honetako bost ekitaldietako bat. Festa honek, Nafarroan turismo-interesekoa izendatuak, Ekialdeko hiru Errege Magoen bidaia kontatzen du, izar batek Belengo estalperaino gidaturik. 11:30ean ospatzen da, Jose de Legardaren gidoiari jarraikiz, 1900ean bertsoz idatzia herriko auroroentzat. Bestalde, herriko jaiak irailaren 11tik 17ra bitartean ospatzen dira.
Potxak: altxor gastronomikoa
Hiri hau Nafarroako sukaldaritza tradizionalaren adibide ona da, batez ere babarrun potxengatik. Babarrun bigunak, finak eta freskoak dira; lekak lehortu aurretik aletzen dituzte. Ez da beharrezkoa haragia gehitzea, baina beti izan behar dute ozpinetako piper berde platerkada bat. Hiritik igarotzean ere gozogintzako espezialitateak dastatu behar dituzu, besteak beste: santu-hezurrak edo San Joseren Birutak.
FAQ
- Iruñetik 44 km-ra
- Somport mendatetik eta Jakatik datorren Done Jakue Bideko hiri garrantzitsua
- Kale nagusia da herriaren ardatz egituratzailea
- Kultur giroa: jauregiak, oinetxeak, elizak eta komentuak... Erdi Aroan bizi izan zuen loraldi ekonomikoaren fruitua
- Zangoza Zaharra (Rocaforte) izan zen antzinako jatorrizko herrigunea
- Tradizio gastronomikoa
- Ibilbideak bizikletan eta mendi-ibiliak
- Beste hainbat monumentutatik hurbil: Xabierreko gaztelua edo Leireko San Salbatore monasterioa, kasurako